jolasGUNE 2017 prentsa oharra

Haziz Hazi hezkuntza sareak Jokoaren Nazioarteko Eguna ospatuko du Leioan jolasGUNE jaialdiarekin

GETXO, 2017ko maiatzaren 22a, astelehena
(prentsaoharra_PDF)

Maiatzaren 28an, Jokoaren Nazioarteko Eguna dela eta, Haziz Hazi hezkuntza, haziera eta bidelaguntza sareak urteroko jolasGUNE jaialdiaren bigarren edizioa egingo du Leioako Artaza parkean, lehenengoak, Ozaetan (Araba) egin zenak, izan zuen arrakasta gogoan hartuta.

JolasGUNE jaialdi irekia da, nornahirentzat antolatzen baita. Horren bidez Haziz Hazik aldarrikatzen du jokoa ikaskuntzarako eta garapenerako tresna nagusia dela bizitza osoan. Jaialdian Haziz Hazi sareko familiak, hezitzaileak eta hezkuntza-proiektuak biltzen dira pertsonei begirune handiagoa dien heziketa bultzatzeko, pertsonen benetako beharrizanei eta bakoitzaren erritmo bereziari egokitutako heziketa, hain zuzen ere.

Jaialdian era askotako jarduerak izango dira, bai txikientzat, bai nagusientzat: solasaldiak, lantegiak, jokoak, musika, indaba-jana, foodtruck-a, ezusteko batzuk, eta azokatxoa ere bai, inork mugimendu honen inguruko opariren bat eskuratu nahi balu ere.

Jokoaren jaialdi hau, denok atseginean gozatzeko moduko ospakizunaz gainera, estandarizazioa gainditu dezakeen hezkuntza-eredua aldarrikatzeko aukera ere bada; izan ere, lehentasuna pertsonaren garapen integralean jartzen duen eredua behar dugu, ohiko hezkuntza-sistema goitik behera eraldatu behar dela uste duten familia eta hezitzaile batzuek egiten duten ahalegin handiaren ondoriozko berrikuntzak aintzat hartzen duen eredua.

Azken helburua da aurrera egitea denetariko proposamenak biltzen eta sustatzen dituen lege-esparru berria lortzeko, hots, metodo berriak, goraka ari diren proiektuak eta pertsonetara moldatutako ereduak onartzen dituen lege-esparrua.

Haziz Hazi elkartean bildutako familiek, pertsonek eta EAEko denetariko hezkuntza-proiektu xumeek, uste dute ezinbestekoa dela berariazko ereduak sortzea egungo gizartean aurkitzen diren gabezia eta ⁠⁠⁠arazoei aurre egiteko.

Harremanetarako: Rubén Méndez (Haziz Haziko presidentea)
emaila: hazizhazielkartea@gmail.com · Web orria: www.hazizhazi.org
Facebook: https://www.facebook.com/hazizhazielkartea/

Logoak, dossier eta irudiak.
prentsaoharra_PDF

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *